Abstract
Korrika euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten aldeko ekimen herrikoi eta parte-hartzaileena da. Euskaltzaleek 2.000 kilometro inguru egiten dituzte txandaka hamaika egunez, etenik gabe. Ikerketa lan honek 22. Korrika digitala aztertzen du Twitterren, COVID 19-ak eragindako pandemiaren ondoren egindako lehena, Sare Sozialen Analisia eta Edukiaren Azterketa Deskriptiboa konbinatuz. 13.739 ziberaktibisten 52.210 txio kapturatu eta aztertzen dira (2022ko martxoaren 1etik apirilaren 30era), eta elkarrizketako liderrei, erabilitako hizkuntzari, eduki biralizatuenei eta abarrei buruz informazioa erauzten da. Emaitzek erakusten dute zibernauten komunitatea digitalki mobilizatzen dela ekitaldi fisikoarekin batera, eta Korrika digitalak izaera horizontal eta kohesionatu bat sortzen duela, lidergo partekatuekin eta hainbat hizkuntza erabiliz hizkuntza gutxituekiko sentsibilizatutako nazioarteko beste komunitate batzuekiko harreman aktibistak sustatzeko. Bestalde, eduki biralizatuenak ikus-entzunezko formatuzkoak dira, eta metafora bisualekin euskal nortasun kolektiboa eraikitzen laguntzen dute, esfortzuarekin, erromantizismoarekin, ausardiarekin, lankidetzaren eta antzeko baloreei erreferentzia eginda. Beste fenomeno nabarmen bat da elkarrizketa, nagusiki, mezu eta sinbolo positiboen inguruan garatzen dela, eta komunitate zibernautak modu eraginkorrean isolatzen dituela gorroto-diskurtsoen zantzuak. Ikerketa honen diseinu metodologikoa beste fenomeno sozial batzuk aztertzeko baliatu dezake komunitate zientifikoak, datua (Twitterreko interakzioak) ezagutza bihurtzen baitu. Hala nola, interpelatutako eragileek ere antzeko ikerketak egin ditzakete erabaki estrategikoak hartzeko.