Abstract
Artikulu hau arte praktikan oinarritutako ikerketa bat da. Arakatze horretan esandakoa, egia izan dadin esperientzia pertsonalean oinarritzea erabaki dut; hala ere, amankomuneko interes bat izan dezan, material pertsonal hau beste artista eta pentsalarien hausnarketekin alderatu dut. Ikerketa honen interes gunea arte praktikak eragindako pentsamendua da; ondorioz, prozesuan bertan izandako pentsamenduen azterketa egiten da. Kusikozu izeneko animazio batean oinarritzen da hausnarketa. Kusikozu 2023. urtean amaitutako animaziozko film labur bat da eta hau osatzeko prozesuan izandako bizipenak, pentsamenduak eta erabakiak izango dira abiapuntu hausnarketa gorpuzteko. Film labur hau bi dimentsiotan eta teknika tradizionalaz osatutako animazio esperimental bat da. Kusikozun, marrazkiak eta eraldaketak garrantzi handia dute, ondorioz marrazkiaren inguruko kezkak eta hau denboran kokatzeak eragindako gertaerak aztertzen dira. Ez da animazioaren eduki semantikoa baloratzen, hau egiteko prozesuan topatutako gertaerak eta pentsamenduak baizik. Ikerketa honetan, animazioaren prozesuan agertu diren zenbait aspektu garatuko dira: akatsa, deriba, eraldaketa, trantzea, intentsitatea, inprobisazioa eta intentzio paradoxikoa.